XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Inkisizioaren finkapena, moriskoen nahitanahiezko konbertsioa, eta juduen kanporaketa, politika baten osagarriak dira.

Arazo honi dagokionez bi interpretaketa azal daitezke: Birkonkista bukatuta dagoen momentutik judu, mairu eta kristauen artean elkarbizitza posible egin zuen egoera bukatu egin zen.

Espainiak, arazo honi dagokionez, Afrika eta Europaren arteko politiko eta kultur zubi izateari uko egin zion, eta Europaren aldera jo zuen, ondorioz atzerritarrak ziren sinismenek desagertu egin behar zuten.

Estatuaren sendotzea eta estatu modernoaren sorrerak fedearen batasuna eskatzen duela esan daiteke.

Gizartearen kohesioak exijitu omen zuen fedearen batasuna, nazio sentimendua jaio ez den mende batean basailu artean alkartasuna sendotuko bait du.

Erregeen sentimenduaz gain estatuaren arrazoia dela esan daiteke.

Horregatik kristautzat definitzen den gizarte batean, herese denak ez du bekatu indibidual egiten, baizik eta gizartearen aurkakoa eta iraulgarri izatea leporatzen zaio.

Beste iritziak gizarte bereizkeria dela dio.

Kontuan izan behar da minoria hauek burgesian sar ditzakegula.

Udaletako administraritzan nahiz ahalmen ekonomikoan toki inportantea zutela egia da, eta alde honetatik zihoala bazterketa suposa daiteke, baina Errege Katolikoek gizarte maila hau kentzean ez zutela ezer irabazten ere egia da.

Bestalde noblezia eta burgesia osagarriak dira (adibidez, nobleziaren lurretan ekoizten dena burgesek komerzializatzen dute).

Horrez aparte denak ez dira sartzen burgesian, mairuen artean gehienak nekazariak baitira.

Dena dela, honen ondorioa burges gogoa ahuldurik gelditzea eta era berean kalte ekonomiko handi bat jasatea da.

Inkisizioa sortzea Enrike IV.aren ideia izan zen, konbertsio batzuk ez zirela baiezkorrak izan suzmatu zutenean.

Hau zuzentzeko, Erroman, Sixto IV.a Aita Santuarekin negoziaketak hasi ziren eta 1.478-an Exigit devotionis bula izenpetu zuen.

Hasiera batean judaizanteen aurka joan zen Inkisizioa; gero, heterodoxiaren edozein itxuraren aurka abaiatu zen.

Guzti honek 1.492ko martxoaren 31ko dekretua prestatu zuen, eta lau hilabeteren buruan juduek konbertitu ala Espainatik alde egin behar zuten.